XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Segituan erreparatu zuen mutilarengan, kopetiluna baitzen, eta zakar samarra.

Izebak zioen haserre batean zerbitzatzen zituela bezeroak, erosten zuten janariak pozointzea espero izango balu bezala.

Elizabethek gogoko zuen hura ibiltzen ikustea: gorputz oso argal, eder eta nerbiotsua zuen, beti erne, pentsatzen zuen Elizabethek.

Katuak bezala mugitzen zen, beti behatz-puntetan, eta katu baten indiferentzia harrigarriaz, aurpegia espresiorik gabe, begietan argirik ez.

Etengabe erretzen zuen, beti zeraman zigarroa ezpainetan gehiketak egiten zituen bitartean, eta batzuetan erakusmahai gainean uzten zuen jenero bila joaten zenean.

Norbait dendara sartzean egun on edo arratsalde on esaten zionean ia begirada jaso gabe esaten zuen, eta ia-ia lotsagabekeriara iristen zen ezaxola erakutsiz.

Nahi zuena erosi eta bihurtutako dirua zenbatu ondoren bezeroa joateko jiratzen zenean eta Richardek Agur esaten zionean, halako madarikazio-kutsuz esaten zuen, non batzuetan jendeak bira erdia egiten zuen, harrituta.

Argi dago ez duela gogoko denda horretan lan egitea, esan zion behin Elizabethek izebari.

Lan egitea ez du gogoko, esan zion izebak mesprezuz.

Zu bakarrik zaitu gogoko.

Udako egun argi batean, beti gordeko zuen argi oroimenean, dendara sartu zen bakarrik, soinean bere uda-soineko zuri onena zeramala eta ile lisatu berri eta muturretan kiribildua xingola eskarlata batez helduta.

Elizak antolatutako piknik batera joango zen izebarekin, eta limoi batzuk erostera zihoan.

Dendako nagusia, gizon oso lodi bat, espaloian zegoen eserita, haizemalea erabiltzen; ondotik pasa zitzaionean, nagusiak galdetu zion ea beretzat nahiko bero zegoen, eta Elizabethek zerbait esan eta usainez gainezka zegoen denda ilunera sartu zen.